Haur Hezkuntza

Haur Hezkuntzak etapa bezala, badu bere izena eta ondorioz, izana. Haurraren garapen emozional eta kognitiboa lantzen den etapa da eta bi ziklotan banaturik daukagu; lehen zikloa 0-3 urte bitartekoa eta bigarren zikloa 3-6 urte bitartekoa.

Abusu Ikastola - Haur Hezkuntza

Haurraren premiei erantzutea, haurrak bere gorputza ezagutzea, autonomo bilakatzea, besteekin harremanatzeko beharra sentitzea eta ingurune soziala ezagutzeko grina piztea dira gure helburu nagusienak.

Ikaslearengan konfiantza osoa dugu, gizartean integratzen laguntzen diogu eta lantzen ditugun edukiak barneratzeko hainbat tresna eta estrategia eskaintzen dizkiogu, etorkizunean bizitzan biziko dituen egoera ezberdinen aurrean eraginkortasunez eta autonomiaz erantzun ahal izateko.

Haur hezkuntzako etapan zirkulazio librea da nagusi eta adin ezberdinetako umeek espazioak konpartitzen dituzte, euren arteko elkarrekintza sustatuz. Espazio hauek umeen nahi eta beharrei erantzuteko diseinatuak daude eta aldakorrak dira.

Protagonistak ikasleak dira. Irakaslearen rola zeharo aldatu da eta momentu honetan umeen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren bidelagunak bilakatu gara. Umea bere osotasunean behatzen dugu, beraientzat naturalak eta ohikoak diren kontextu ezberdinetan.

Bestalde, aipatu HHtik hasita DBHrarte, umearen errealitatearekin lotura zuzena daukaten gaien inguruko proiektuak lantzen ditugula eta hauek aurrera eramateko, besteak beste, Ikastolen Elkarteako materiala erabiltzen dugula. Haur Hezkuntzaren kasuan URTXINTXA.

Den-dena euskaraz, Abusu Ikastolan txiki-txikitatik euskaraz mintzatzen, jolasten eta bizi baikara. “Abusu Ikastola txiki-txikitatik euskara naturalean hezitzen”, hau da gure leloa.

Gertuagotik ezagutu nahi gaituzu?