Lehen Hezkuntza

Abusu Ikastolan ditugun hiru etapen artean, Haur hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren artean kokatzen da Lehen Hezkuntza eta. Etapa bakoitzak badu bere izena eta bere izana; bakoitza bere berezitasunekin. Berezitasun horiek, ikaslearen adinaren ezaugarriek markatzen dituztelarik. Hala ere, Ikastolak, bere osotasunean misio eta balore berberak dituen heinean, oinarri eta elementu komunak ditu horien lorpenera bideratuta.

Abusu Ikastola - Haur Hezkuntza

Lehen Hezkuntzaren kasuan, 6tik 12 urterarteko pertsonak hazi eta hezten dituen etapa izanik, adin bakoitzaren garapen fasearen araberako beharrei erantzuteko moduan oinarritzen da gure lan egiteko modua.

Ikaslea da bere aprendizaia prozesuaren protagonista eta hori horrela izateko, bere bidea erregulatzeko tresnak eskaintzen dizkiogu, bakoitzak dituen bizipen eta esperientzietatik abiatuta.

LH1, LH2 eta LH3 mailetan, zirkulazioaren bitartez egiten dugu konpetentzia batzuen lanketa (HHko etaparekin zubia eginez). Astean zehar gauzatzen joateko lanerako proposamen orokorra egiten zaie , hautazko jarduerak ere proposatzen direlarik eta ikaslea bera doa, jarduera bakoitza noiz eta zein modutan egin erabakitzen eta erregulatzen; zirkulazioan dauden bitartean espazioak konpartitzen dituztelarik. Proposamen hauek, modu dibertigarri, erakargarri eta manipulatiboan gauzateko diseinatzen ditu gure irakasle taldeak, material desberdinen sorkuntzan arituz.

LH4, LH5 eta LH6ko mailei dagokionean, zirkulazioaren onurak, adin hauetara hedatzeko egitura desberdinen aztertze eta pilotaje lanetan gabiltza gaur egun. Maila hauetan, pisu nabarmenagoa hartzen du, aprendizaiaren prozesuaren bidean ikasle bakoitzak autokudeaketarako behar dituen tresnetan trebatzeak, autonomian eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntzak.

Etapa osoan, adinaren ezaugarrien araberako sakontasun mailarekin, proiektuen bidez eta modu espezifikoan lantzen ditugu konpetentziak espezifikoak eta oinarrizko zehar konpetentziak: pentsatzen eta ikasten ikasi, norbera izaten ikasi, ekiten eta egiten ikasi eta elkarrekin bizitzen ikasi, komunikatzen ikasi denetan integratuta dagoelarik.

Proiektu bakoitzari , ikasleentzako motibagarria, funtzionala eta sorpresazkoa den ekintza batekin ematen diogu hasiera eta aurkezten zaien horren inguruan dakitena eta bizitakoa aintzat hartuta, jakin nahi eta behar duten horri, garapen fasean ematen zaio erantzuna, bukaerako produktu baten bitartez prozesu guztia modu desberdinetan komunikatuz.

Irteera profilean definitutako ezaugarriak eta zeharkako konpetentziak garatzen joateko, talde kooperatiboetan lan egiten dugu Lehen Hezkuntza osoan eta pentsamendu errutinetan trebatzen ditugu, ikasteko balio duen ebaluazioa helburu izanik.

Ikaslearengan eta pertsona bakoitzaren gaitasunetan sinesten dugu eta bakoitzak dituen beharrei erantzuteko moduak bilatze horretan, etengabeko hobekuntza, berrikuntza eta material zein baliabide desberdinen sorkuntzan lan egiten dugu.